|
Prentsaren errepaso bat egin eta titularrak eta kronikak irakurrita, giza eskubideen inguruko mezuak nonahi agertzen zaizkigula ikusten dugu, baina hitzen esanahia etengabe bihurritu eta kontzeptuen zentzua manipulatu egiten da. Horregatik, gai horren inguruan pare bat irizpide argitu nahiko nituzke hemen.
Aspaldikoa dugu eguneroko jardun politikoan zenbait hitzen esanahiarekin jolasteko ohitura, eta dagoeneko ohitu ere egin gara: askatasuna, bakea, elkarrizketa... Egia da hitzon inguruan balorazio eta eztabaida ugari sortzen dela, baina beste hitz batzuek kontzeptu unibertsalak adierazten dituzte, eta onartezina da, beraz, hitzokin jolasten ibiltzea, gehiegi baitago jokoan. Mehatxatua egotea tortura dela diote batzuek, politikari bati iraintzea adierazpen askatasunaren aurkako erasoa dela, pertsona bat fisikoki lesionatzea giza eskubideen urraketa dela... eta ez, hori gezurra da. Hitz horiek beste esanahi bat daukate, eta gorde beharra dago esanahi hori. Ekintza horiek mehatxuak, irainak eta lesioak ofentsak baino ez dira, Zigor Kodearekin konpontzen direnak. Baina tortura, adierazpen askatasuna, giza eskubideak... kontzeptu horiek guztiek oso eduki semantiko zehatza dute, eta ezin ditugu edozein modutan ahotan hartu. Arinkeria hutsa da hitzok metaforak bezala erabiltzea, esanahiaz husten ditugulako.
Historian zehar, herritarrek altxa izan dute giza eskubideen bandera beren gobernuen eraso eta gehiegikeriei aurre egiteko. Orain berriz, alderantzizkoa gertatzen da, aizu! Gobernuek erabiltzen dute mezu hori eta giza eskubideen aldeko kanpaina mediatikoak antolatzen dituzte, herritarren ekintzei aurre egiteko. Terminoak aldatzen dira, gobernuen ardura beste batzuen esku uzten da. Bandera hori erori egin da, defentsarako arma hori deskargatuta dago. Herritarrek galdu egin dute Estatuarekin harremanak zuzentzeko zeukaten giza eskubideen tresna hori.Antza denez, libre jaiotzen gara. Nik behintzat ez dut inolako konpromisorik sinatu, nire portaerari dagokionez, Estatuek ez bezala.
Ez daukat inongo betebeharrik, ez inorekin, ez ezerekin. Ekintza bat egiten badut berdin dio zergatik legeria penalak babesten duen ondasun juridiko baten aurka, Estatuak bere esku duen prozedura penala erabiliko du, nazioarteko printzipio demokratikoen arabera, nik egindako hutsegiteari erantzuteko eta nire erasoa zuzentzeko. Inor mehatxatu badut, mehatxu hutsegiteari dagokion zigorra beteko dut; polizia bat jo badut delituaren kalifikazioa autoritateari eraso egitea eta lesioak izango da. Eta zigorra beteko dut. Eta horrek ez du inolako zerikusirik giza eskubideekin.Estatuek, ordea, era guztietako hitzarmen, akordio eta itunak sinatzen dituzte nazioarteko komunitatearekin, eta giza eskubideen inguruan ardura eta betebehar batzuk hartzen dituzte beren gain hainbat printzipioren bidez. Estatu batek muga horiek zeharkatzen baditu, nazioarteko oinarrizko printzipio horiek urratzen ditu.
Lege batek, epaitegi batek edo funtzionario batek egin dezakete urraketa hori, baina betiere Estatuaren eremuaren barruan. Ekintza bera da gehiegizkoa eta, ondorioz, zilegitasunik gabea. Estatuak ez ditu bere konpromisoak bete eta, beraz, bere herritarren eskubideak urratzen ari da. Horrela funtzionatzen du sistemak.
Zentzu horretan, Juan Jose Ibarretxe lehendakariak honakoa adierazi zuen prentsan: «Giza eskubideak banaezinak dira» eta «ez da etikoki onargarria atxilotuen giza eskubideak defendatzea eta, era berean, mehatxatutako edo hildako pertsonen giza eskubideak ez aldarrikatzea». Ez gu engainatu, ez zu engainatu. Zuk, legez, giza eskubideen gauzapenari mugak jartzeko eskuduntza daukazu: adierazpen askatasuna murriztu dezakezu, manifestazioak debekatuz; gizabanakoen mugimendu askatasuna mugatu dezakezu, atxiloketen bidez; are gehiago, bost eguneko inkomunikazioa aplikatu dezakezu. Ez dut hori auzitan jartzen. Baina eskuduntza horiek mugaren bat izango dute, ezta? Kontraprestazioren bat, kontrol mekanismoren bat, ardura erantsiren bat eskatuko zaizu botere izugarri horien ordainetan, ezta? Erantzukizun bera al dugu polizia batek, estatuaren biolentziaren exekuzioaren monopolioaren subjektuak, alegia, eta neronek, adibidez? Niri Zigor Kodea zorroztasun osoz aplikatuko didate, zalantzarik gabe. Poliziak, giza eskubideen zaindari eta bermea duenak, aldiz, zigorgabetasunaren babesa izango du. Maila berean al gaude biok? Inondik ere! Orduan, arazo hori konpontzeko, bi maila desberdin horiek orekatzeko, alegia, giza eskubideen formulazioa da gure esku daukagun bitarteko bakarra.
Kontuz gero, formulazio hori kutsatu gabe! Eusko Jaurlaritza bere azken ekimenekin giza eskubideen urraketaren aurkako borroka manipulatzen ari da. Baina, horrez gain, ez du onartzen giza eskubideen bermatzaile esklusibo bezala Euskal Autonomia Erkidegoan Espainiako Gobernuaren ordezkaria den aldetik berari dagokion erantzukizuna. Hizpide dugun kanpainaren bultzatzaileei Nazio Batuetako Giza Eskubideen Batzordearen 2001eko eztabaidak berrikustea gomendatzen diet. Eztabaida horretan bi jarrera agertu ziren buruz buru: giza eskubideen urraketen ardura giza eskubideak bermatzearen ardura dutenengan, hots, Estatuengan, ikusten zutenena, batetik; eta ardura hori Estatuaz kanpoko beste eragile batzuen esku gizabanakoak, erakunde armatuak, talde terroristak... uzten zutenena, bestetik. Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokia lehengo jarreraren aldekoa da, zalantzarik gabe, horixe baita jarrera bermatzaileena.Zentzugabekeria honetatik etekin mediatikoa atera nahi izatea arduragabekeria hutsa ere bada. Juan Jose Ibarretxek giza eskubideak urratzen duten bakarrak ETAren bortxazko adierazpenak direla dioenean, hauxe da benetan esan nahi duena: Nazio Batuetako Torturaren aurkako kontalaria, Adierazpen Askatasunerako kontalaria, Torturaren Aurkako Batzordea, Giza Eskubideen Batzordea, Europar Kontseiluko Torturaren Prebentziorako Batzordea, Giza Eskubideen Nazioarteko Federazioa, Amnesty International..., ixo denok, ez baitakizue zertaz ari zareten!!
|
|