|
Neure burua ezagutzen dut, geure burua ezagutzen dut, garai berri honetan funtzionario anker batzuek euskaldun belaunaldi oso bat zanpatu, beldurtu, kikildu eta torturatzen duten honetan.
Neure burua ikusten dut, geure burua ikusten dut, 20 urte barru 17 eta 30 urteko gazteak botere ordezkariek txikituta. Nire sufrimendu hau gure seme-alaben egoeran islatzen dut, eta ezinbestekoa egiten zait nire gizarte hau gorrotatzea. Belaunaldi hau jasaten ari den torturen aurrean kikiltzeagatik, duina ez izateagatik, axolagabetasuna adierazteagatik, ezinbestekoa egiten zait gizarte hau gorrotatzea.
Ikerne, Goizeder, ez zaituztet ezagutzen, baina zuengan neure burua ikusten dut. Neure burua 16-20 urte nituenean. Ez zaituztet ezagutzen, baina ziur nago urte haietan sentitu nuen gauza bera sentitzen ari zaretela zuek orain. Izan ere, zuek garai honetan «torturatzeko modukoak» direnen belaunaldikoak zarete. Hala izan baikinen gu 80ko hamarkadan: terrorismo kikil eta krudela den tortura jasan genuenak.Ez dakit zer tortura zehatz salatu dituzuen zuek. Ez du inporta. Badakit-eta zuen torturatzaile nazkagarriak ahalik eta min handiena egiten saiatuko zirela. Ziur pertsona eta emakume bezala apaldu, umiliatu eta makurrarazi zaituztetela, ziur herritar arduratsu gisa deuseztatu nahi izan zaituztetela, ziur zuen erresistentzia psikologikoaren muturrera eraman zaituztetela. Urte ugari pasatu dira Franco hil zenetik, eta orain piztia boterea bera da.
Senarra eta biok duela 20 urte atxilotu gintuztenean oroitzen naiz. Komisariara iritsi ginenean, polizia batek esan zidan demokrazia ez zela guretzat oraindik heldu. Egia esan, haientzat ez da inoiz iritsi. Bigarren aldian atxilotu gintuztenean oroitzen naiz. Orduan barre egin zuten gu bioz; ilea errotik ateratzen zigutenean nola erortzen zitzaigun ikusteak barregura ematen zien. Neure burua defendatzean, edo oihukatzen nuen bakoitzean, senarra jipoitzearekin mehatxatzen ninduten.
Bai, egia da, ariman gelditzen zaizun beldurra ez zaizu egun askotan, hilabete askotan, urte askotan joaten. Hori lortu nahi baita torturarekin: degradazio edo gutxiespen fisikoa eta psikologikoa. Baina benetan degradazio pertsonala, moralki duintasunik ez izatea, hori, torturatzaileek sentitu beharko lukete. Boterearen babesarekin, zigorgabetasun osoz eta defendatu ezin diren atxilotuen aurrean torturatzen duten kikil horiek sentitu beharko lukete. Beraz, Ikerne, Goizeder, zuen eta haien artean ezin daiteke alderaketarik egin. Zuek, zuen beldur, dar-dar, sentimendu, amorrazio, inpotentzia eta malkoekin, zuen torturatzaileek baino askoz ere duintasun handiagoa duzue. Zuek zarete biktimak. Ez zaudete bakarrik. Lo dagoen gizarte honi indarra emanen dion talde bateko kideak zarete. Eta denok elkarrekin lortuko dugu tortura amaitzea, eta torturatzaileak zein ezkutuan tortura goraipatu dutenak epaitzea.Ideia eta estrategia politiko batzuekin ez gara ados egonen. Baina kontu jakin batean ez dugu atzerapausorik emanen: torturatzen denean jakinaraztea, eta haren amaiera etengabe eskatzea. Era berean, ezkerreko alderdiei botoa ematen dieten guztiei gogoeta egiteko eskatuko nieke: inor ba al dago torturatua izatetik libre? Benetan inork uste al du bere seme-alabak ez direla inoiz torturatuak izanen?
Gizarteak tortura baimentzen jarraituko balu, inoiz geldituko ez litzatekeen zama bat eramanen genuke geure gainean. Indarrak elkartu eta gizarte huskeria horren aurrean burua altxatzen ez badugu, zenbat nerabe eroriko dira torturatzaileen hurrengo belaunaldien eskuetan? Tortura gizakiaren duintasun arazoa da, eta faxismoaren aurka borrokatu behar dugu. Ez dezagun itxaron gure gertuko bat torturatua izan arte begiak irekitzeko. Azken atxilotuak izan daitezela azken torturatuak.Torturaren biktimekin bat egiten duen honen besarkada bat.
|
|