_CLICK
Bilatu/Search
Main Menu
· Home

· Nortzuk gara
· Urteko TAT txostenak
· Testigantzak
· Salaketak
· Tortura metodoak
· Argazkiak
· Liburutegia
· Iritzi artikuluak
· Zigorgabetasuna
· Torturapean hildakoak
· Legeri antiterrorista
· Ezabaketaren aldeko proposamena

· Berriak
· Estekak
· Kontaktatu

Languages
Interfazaren Hizkuntza Aukeratu:


TAT kide
buy cheap softwarecheap adobe softwareoem software

behatokia

buy cheap softwarecheap adobe softwareoem software



Itxaso Güemes gazteak jasandako torturekin loturiko deklarazioa ospatu zen atzo Madrilen.


Itxaso Güemes gazte donostiarrak jasandako Torturekin lotutako deklarazioa ospatu zen atzo Madrilgo 21. Instrukzio Epaitegian. Horren harira, TATek prentsa oharra kaleratu du epaitegien jarrera salatuz eta tortura kasu guztietarako benetazko ikerketa bat eskatuz.



Atzo asteazkena, maiatzaren 28an, Itxaso Güemes donostiar gazteak jasan zituen torturarekin lotutako deklarazio bat egin da Madrilgo epaitegietan.
2005eko otsailean, Espainiar Polizia Nazionalak Itxaso Güemes atxilotu zuen Iruñean eta inkomunikazio epea igaro ondoren torturak salatu zituen.
Atzo, bere atxiloketan parte hartu zuen polizia batek deklaratu du (bere salaketan "gaiztoa" bezala identifikatzen duena).. Deklarazio hau, Madrilgo 21. Intrukzio Epaitegian egin da, kasuaz arduratzen den epaitegian.
Esan behar da, lekuko moduan deklaratu duela, ez inputatu gisa, eta egin zaizkion galderei gezur borobilekin erantzun diela.
TATek, kasu honen, zein gainontzeko kasu guztien benetazko ikerketa eskatzen du. Eskura dauden froga guztiak erabili daitezen eskatzen dugu ere, jakin badakigulako, inkomunikazio egoerak batetik eta torturatzen duten Espainiar Polizia, Ertzain edo Guardia Zibilen "profesionaltasunak" bestetik, oso zaila egiten dutela tortura zantzurik aurkitzea.
Instrukzio epaileek ez badute beren lana arduraz eta ganoraz betetzen, inpunitateari ateak parez pare irekitzen diote eta torturak bizirauteko beharrezkoa duen arnasa hartzen du.

Torturarekin amaitzea denon lana da.

TESTIGANTZA: ITXASO GÜEMES OIARBIDE

Kotxez nindoala, Iruñeako sarreran beste kotxe batean zihoazen bi gizon eta emakume batek, kotxea gelditzeko agindua eman zidaten. Bakarrik nengoen eta gainontzeko dotxeetako gidariek ikusi ahal izan zuten “bahiketa”, baina ez nituen ezagutzen. Eguerdiko 14:45etan eman zen, 2005/02/08an Iruñean.
Atxilotu ninduen gorputz poliziala Polizia Nazionala izan zen. Dirudienez atxilotze agindua ez zen egun horretarako, gaualderako baizik (hori nik komisaldegian ondorioztatu nuen, zeren 8an atxilotu ninduten arren, deklarazio polizialean 9an atxilotu nindutela zioten. Atxiloketa unean ez zidaten agindua erakutsi, eta soilik inkkomunikaturik nengoela esan eta haien kotxean sarrarazi ninduten.
Jarrera bortitza izan zen. Kotxean martxan nindoala, karretera erdian geldiarazi, nere atea eurek ireki, aterarazi, eskuburdinak bizkarrean jarri eta haien kotxean sarrarazi ninduten. Ni, nortzuk ziren ere ez nekien,... bahiketa baten aukera bururatu zitzaidan... zer gertatzen zen galdetu eta nortzuk ziren erantzuteko plaka erakutsi zidan eta inkomunikatuta eta atxilotua nengoela esanez, indarrez sarrarazi ninduten haien kotxea, beste azalpenik eman gabe. Burua makurrarazi, eta emakumezkoak eusten zidan burua lurrera begiratu nezan.
Atxiloketa unean nere poltsoa hartu zuten, eta kotxea gainetik begiratu zuten; ni jada haien kotxe barruan nintzen. Ondoren, haietako batek nere kotxea gidatu zuen Donostiraino. 24 orduz eduki zuten haien esku kotxea, eta beraz, ez zen lekukorik egon epe horretan. Baionan bizi nintzenez, etxera ez ziren sartu.
Atxiloketaren berri ez zioten inori eman. Horretan insistitu banuen ere, batez ere epaitegiko forentsera eraman nindutenean, Donostian, ez nuen nere atxiloketaren berri ematea lortu. Medikuari erregutu nion nere senideei abisatu ziezaien, baina berak ezin zuela holakorik egin esan zidan (ingurune hura mikrofonoz josirik zegoela adieraziz). Egin zezakeen gauza bakarra, poliziei galdetzea zela. Haiengana zuzendu zen (mediku gelaren kanpokaldean zeuden poliziak) eta haiek haien “protokoloa” jarraitzen zutela erantzun zioten. Hori bera adierazi zidan medikuak. Hurrengo eguneko eguerdian (otsailak 9, ni jada Canillasen nengoela, goizaldeko ordubiak aldera iritsi bainintzen Madrilera), nere senideei –amari- trafikotik deitu zioten nere kotxearen bila joan zitezen. Haiek, nere kotxea gruak eramango zuelakoan... lehenbizi, nire anaia Iruñeara hurbildu zen eta nere kotxea han ez zegoela esan zioten. Ondoren Donostiara joan, trafikora, eta han kotxea jasotzeaz gian, azalpenak eskatzean, atxilotua nengoela esan zioten. Honela jakin zuten nere senideek atxiloketaren berri, hura gertatu eta 24 ordutara, jada komunikabideetan izenak zabaltzen hasiak baziren ere...
Lehendabizi, Iruñeatik Donostiara eraman ninduten, eskuburdinekin beheruntz begira. Gidatzen zuen polizia izan zen hasieratik “gaizto” papera bete zuena. Oraindik Iruñean geundela, ni laneko kontuak entregatzera nindoan bulegoaren azpian autoa gelditu zuen eta bortizki ea horrera nindoan galdetu zidan. Nik ez nion erantzun eta horrek gehiago haserrarazi zion, berriz ere galdera eginez eta irainduz. Nik inkomunikatua nengoela eta hitzik ere ez esateko orain bost minutu agindu zidala gogorarazi nion, eta orduan honakoa adierazi zidan: “te vas a enterar tía lista ¡te voy a poner fina!”. 30 minututan egin genuen Iruñeatik Donostiarako bidea, nere kotxea gidatzen zuen polizia aurretik zihoalarik. Beraz, bi auto (bata nerea) eta hiru polizia orotara. DonostiakoAmarako komisaldegira eraman ninduten eta hor hasi zen “gaiztoa” mehatxuka, bakarrik bera eta ni geunden gela batean (obratan balego bezala, dena hankaz gora eta zikin zegoen). Atsaldean bakean utzi ninduen eta bakarrik egon nintzen ziega batean. Madrilerako bidaia galdeketa saio “lasaia” izan zen nere lanaren etab.en inguruan. Burgos aldera gelditu ziren (bi kotxe gindoazen: ni 3 poliziekin eta beste kotxea beste bi). Denak kotxetatik atera ziren eta beste bi galdeketa eman ziren: lehenik bi emakumeek ondoren beste bi gizonek. Azken honetan “gaiztoak” zergatik nengoen hor azaldu zidan lehenbizikoz, nigandik oso hurbil eta mehatxu “tonoan” mintzatuz. Handik Madrilera jarraitu zuen galdeketa “lasaiak” berriz ere nere “egunerokotasunaren” gaietaz. Lokartzen banintzen ere, ez zidan polizia “agureak” lo hartzen uzten, esnatzen ninduen aldi oro.
Dependentzia polizialetan hiru gau eta egunez egon nintzen bertan, 2005/02/09ko ordubietatik gutxi gora behera, 2005/02/11ko 16:00ak inguru arte. Iritsi eta bi ordutara lehenengo galdeketa saioa eman zen eta horretarako gela txiki batera eraman ninduten ziegatik. Ispiludun gela horietako batetan, “gaiztoa” ta emakume morenarekin eduki ninduten. Nere isiltasunak zutik jartzera eramanarazi ninduen, ondoren puntilletan jartzera behartu ninduten eta besoak altxatzera, mehatxuka hasi ziren “kriston marroiak” sartuko zizkidatela aginduz, baldin eta hitz egiten hasten ez banintzen,...
Denbora kalkuloak eginez, nere gaitasuna/erresistentziak ez zuela beste hiru egunez jarrera horretan aguantatuko konturatu nintzen, hautu bat egin beharra neukan,... eta beraiek hasieratik nahi zuten hori onartzea eta horretan mantentzea erabaki zuen. Asko zegoen jokoan eta ez nintzen dena “salbatzeko” gai sentitzen, beraz nere burua inkulpatzera behartu ninduen egoerak. Lehenbiziko galdeketa hartan hiru ordu inguru iraun zuena, zorabiatu egin nintzen eta Coca-cola hartzera behartu ninduten. Ni izan nintzen bertara heltzen lehenbizikoa, hortaz ondoren heldu ziren gainontzeko atxilotuak nola ekartzen zituzten entzun nuen. Ni eduki ninduten ziega pasillo alboan zegoen, lehenbiziko ziega zen eta “paseo” guztien berri nuen. Hurrengo arratsalderarte ziegan egon nintzen (galdeketa gelen “bisitarien” oihu eta negarrak entzuten nituelarik), eta bigarren galdeketa saioa tokatzen zen. Lehen bait lehen epailearen aurretik pasatzearren txantaia egin zidaten galdeketa guztietan,... hau oso oso luzea izan zen (noiz behinka ordulariren batean ordua ikusteko aukera izan nuenez), bost bat ordukoa. Hortik ziegara. Hurrengo eguneko arratsalderarte. Bitartean ondoko guztien “saioak” entzun ahal nituen (oihuak, kolpeak,...). nerekin zeuden poliziak argazkiak erakutsi eta “errekonozimendua” egitera etorri ziren ziegara baina ez dut ondo oroitzen lehenbiziko goizean edotea bigarrenean izan ote zen. Hirugarren galdeketa epe luzera izan zen, tartean deklarazio poliziala egin bainuen, horretarako prestaketa eginarazi zidaten, 48 orduko luzapena inkomunikatuta jarraitzeko mehatxupean. Ostiral goizean inongo azalpenik gabe “prezintoa” altxatzeko saioa eman zen (ordenagailua, dirua, CD bat...). Hor jende asko zegoen (lau edo bost pertsona, eta nerekin zeuden bi polizia). Gero, inongo azalpenik gabe “ispiludun” gela txikira eraman ninduten eta nere ahotik listua ateratzen hasi ziren. Zer egiten ari ziren galdetu eta bertako lau gizon-emakumetako batek ADN froga egiten ari zirela esan zidan. Ondoren berriz ziegara. Bapatean sei txakur enkaputxatuta sartu ziren bortizki ziegan eta hasierako goizean erakutsi zizkidaten argazki berdinak erakutsi zizkidaten errekonozimendua egiteko. Nik berdinak zirela eta aurrekoan esan bezala ez nituela ezagutzen esan eta apur bat insistitu ostean alde egin zuten ziegatik. Orduetara, nere egoera fisiko eta psikikoa limitera zegoelarik (anginetako mina, hotza hezurretan sarturik eta bista galdua sentitzen nuen, zorabiatzeko zorian) nere polizia bi sartu ziren ziegara argazki berriekin. Nere egoera fisiko kaskarrak izuturik bietako bat korrika bidali zuen Coca-cola eta txokolatearen bila. Aurpegi txarra nuela eta ea zer gertatzen zitzaidan galdetu zidan “gaiztoak” bestea etortzen zen bitartean. Nere sintomak azaldu nizkion. Azukrea apur bat “berreskuratu” eta argazkiak errekonozitzera behin eta berriz. Ez nuen inor errekonozitu. Epaileari esan behar niona gogorarazi zidaten, bestela horrera (komisaldegira) bueltatuko nintzela eta... Egunero esan zidaten laster epailearen aurretik pasako nintzela, beraz ez nuen jada ezer sinisten, ez nuen ziurtzat hartzen ostiralean pasako nintzenik epailearen aurretik. Ez nekien inkomunikazioa altxako zidaten edota bi egun gehiagoz egon beharko ote nintzen. Azkenean ziegatik atera eta Audientziara bidaia.
Dependentzia polizialen deskribapena: azpi solairu bat non bi espazio bereizten nituen. Lehenbizi fluoreszente argidun zati bat non gela ezberdinak zeuden pasillo baten alboetara, zonalde honetan kokatzen ziren galdeketa gelak (gela txikia ispiluarekin eta gela haundia mahai bat eta eserlekuekin) alde batean eta bestean noizbehinka poliziak somatzen ziren beste gela bat. Jarraitu ziegen zonaldea, ilunagoa eta pasillo ezberdinekin:

Marrazki honetan bezala oroitzen dut, makurturik eta eskuburdinak atzean nituelarik, buruan jertsearekin ikusten ahal nuen guztia ziegatik atera nindutenean. Esan bezala ni lehenbiziko ziegan nengoen.
Ziegaren deskribapena: lauki zuzena, sartu eta ezkerretan iturria ta komuna, aurrez-aurre harrizko ohea eta argia (ate gainean) 24 orduz pizturik. Bost pauso luze bider hiru zabaleran gutxi gora behera. Galdeketen gelak: gela txikia: mahaitxo bat, eserleku batzuk eta aurrez aurre ispiludun pareta, 3 x 2 metro gutxi gora behera izango zituen. Gela haundiak bi ziren: batean eserlekuak eta mahai bat eta bestean, berdintsua, apur bat haundixeagoa ordenagailudun mahai bat eta beste mahai batekin eta eserlekuekin.

Erabilitako metodoei dagokienez, lehenbiziko galdeketetan indargabetzea edo nekea lortzeko zutituarazi, puntiletan jarri eta besoak altxata izatera behartu ninduten. Nere sentsazioa; lur jota, kriston nekea nahiz eta lehenbiziko goizaldea izan (bazkaldu eta afaldu gabe, bidaia Madrilera eta ordubetera galdeketa hasi baitzen).
Bigarrenekoz argazki berdinak erakustera bortizki sartu ziren sei polizia enkaputxatu, ez nituen ezagutu (ez ahotsak behintzat). Bestela nerekin egon ziren bost poliziei aurpegia ikusten nien: bi emakume eta hiru gizon. Emakume bat; 35 urte ingurukoa, mehea, morena, guapa, ile luze eta kiskur beltzaduna, eta bestea oso gaztea, 25 urte ingurukoa, ile marroi lisoa, mingainean piercing bat. Gizonak: helduena; 50 urte ingurukoa, ile txurixka, bizarduna, begi argiak, eta luzexka bat aurpegia baita gorputza ere, 1’80 metro ingurukoa, tabako beltza erretzen zuen eta ahots grabea zuen. Hurrena “gaiztoa”, 35-40 urte ingurukoa, oso zabala, gorputzez eta aurpegiz, perilla motza eta ile gorrixka, bixigu begiak, 1’75 metro luzeraz gutxi gora behera. Azkena gaztea, 25-30 urte ingurukoa, ile morenoa, “guapito”, 1’75-1’80 metrotakoa, ixila.
Nire ziegatik atxilotuen oihu, negar eta polizien soinu-kolpeak entzuten nituen. Aldioro ziegatik pausuak entzuten nituen, denak pasa behar baitzuten nere ziega aurretik. Soinu hori mehatxu soinua zen, ez bainekien noiz zetozen neregana edo beste batenganaino jarraitzen ote zuten (zapaten takohotsak batez ere).
Dependentzia polizialetan egon nintzen egun guztiak argi artifizialarekin izan zen, ziegan fokoa 24 orduz eta geletan ere bai (txikian fokoa eta gainontzekoa ilun eta besteetan fluoreszente argia). Beraz, handik kotxez ateratzean, eguzkiaren argiak kontrasteak, itsutu eta erdi zorabiatu ninduen, enfokea lortzen ez nuelarik.
Egiten zizkidaten mehatxuak nere aurka, baita tratua “okerragotzekoa” eta inkomunikazioa luzatzekoa eta beraz torturatzekoa, nere aitaren osasun ahularekin jokoan, nerekin atxilotuak zeudenen inguruko “jokoa”, guztia haiek nahi zuten hori zehaztu eta mantentzen ez banuen.
Umillazioak batez ere nere erresistentziaren ingurukoak ziren, ez nintzela gai izango egun horietan indartsu aguantatzeko. “Gaiztoak” ni bezalako pertsonak gustoko zituela, are gehiago emakumea izanik,...
Polizia ezberdinak tartekatu ziren lau galdeketetan: lehenengoan “gaiztoa” eta emakume morena mehea. Bigarrengoan, heldua, gaztea eta bi emakumeak. Hirugarren eta laugarrenean heldua eta gaiztoa egon ziren. Bakarrak betetzen zuen gaizto eta gidari papera, besteetatik helduak betetzen zuen lasai eta “kordiala”ren papera, gainontzekoak lasai baina beti ere jarrera “gogortzeko” mehatxupean. Galdeketa batetik bestera tartea bazegoen ere, “deskantsatu” zitekeenik ezin liteke esan: batetik besteen oihuak entzuteko tartea zelako eta gaainera hotz zegoelako bertan, hotz eta heze, ta argia piztuta. Egun guztietan ez nuen lorik egin.
Poliziek, aitorpen bat sinatzera behartu ninduten.
Esan bezala, beste atxilotuen (gutxienez hiru ahots ezberdin) ahotsak, oihuak eta negarrak entzuten ziern nere ziegatik eta honekin ere presionatzen ninduten poliziek (ea oihuak entzuten nituen, etab.).
Jatekoa eman zidaten asteazkenetik aurrera, baina soilik goizeko zukua edan nuen eta haiek emandako Coca-cola pixkat eta txokolatea, azken egunean, ez zorabiatzeko (epailetik pasa baino lehen).
Atxiloturik egon nintzen egun horietan, mediku bakarrak ikusi ninduen, uste dut hirutan izan zela. Forentsea omen zen, Audientzian berdinak ikusi ninduelako. Egunean behin ikusi ninduen. Medikua zela esan zidan, baina ez zen identifikatu. Emakumezko bat zen. Gela txiki batean ikusten ninduen, bertan, mahaitxo bat eta bi aulkitxo zeuden, argiztapen eskasarekin eta paretaz inguratua. Ez zuen batere mediku kontsultaren itsurarik. Atea itxita eta poliziak kanpoan geratzen ziren. Jarrera lasaia zuen eta tentsioa baxu nuela esan zidan, zerbait jan behar nuela, ea zer jaten nuen,... nik ez nion idazten ikusi. Gaixotasunei buruz eta tratuari buruz galdetu zidan baina ez nion ezer kontatu. Egoera horretan ez zaudenez ere oso ziur ea benetazkoa den edo ez, ba tramite batean bilakatzen zen, poliziekin ez egoteko “tartetxoa” baitzen. Berak soilik tentsioa hartu zidan eta folio batean apuntatu. Forentsearen errekonozimenduak motzak, eskasak izan ziren.
Deklarazio poliziala ofiziozko abokatu batekin egin nuen “gaiztoa” eta “heldua”rekin batera. Abokatuak “lorontzi” papera bete zuen eta poliziek gidatu zuten. Aurrez beraiek nahi zutenakin prestatu eta errepasatutako deklarazioa izan zen. Beraiek nahi zutena deklaratzeko mehatxuak etengabeak ziren; txintxoa izanez gero epailearen aurrera eramango nindutela eta bestela gauzak okertuko zirela esaten zidaten, 48 orduko inkomunikazio luzapena baimentzen zuen papera erakusten zidatelarik.
Deklarazio ostean galdeketarekin jarraitu zuten beste hiru orduz edo. Argazkiak errekonozitzen jarri ninduten eta laster epailearen aurretik pasako nintzela eta hari berdina “aitortuz” gero ziur kalera joaten nintzela, zeren bestela hara (komisaldegira) bueltatuko nintzela zioten,...
Audientziarainoko bidaian, argazkiak erakusten jarraitu zuten eta botatako pertsonen deskribapenei aurpegiak jartzen ez banizkien komisaldegira bueltatuko ginela hori lortu arte esaten zidaten. Eskuburdinekin eta zenbait zonaldetan burua makurturik joan nintzen. “Heldua” zihoan nere alboan atzean, gizon gaztea piloto eta neska gaztea kopiloto. Egunkari batean zeramazkin (barruan) 15 bat folio inguru argazkiz josirik (12 bat folio bakoitzean).
Entzutegi nazionaleko ziegan, 17:00etatik gutxi gora behera 01:00ak inguru bitarte egon nintzen, tartean 20 minutu inguru deklarazioa eta forentsea beste bost minutu inguru. Oso luzea eta agonikoa izan zen ziegako egonaldia. Ez nizkion mediku forentseari tratu txarrak salatu, tentsioa hartu zidan besterik gabe.
Epailearen aurreko deklarazioan konfidantzazko abokatuarekin nengoen eta nik dena ukatu nuen. Epaileak pare bat galdera, fiskalak espetxe eskaera eta abokatuak askatasuna eskatu zuten.
Deklarazio poliziala egin nuenetik (ostegun arratsaldetik alegia) mehatxua etengabea izan zen. Ni epaile famosoaren aurrean ikusi nintzenean, animikoki hobetzen joan nintzen, epailea zela zalantzarik ez nuelako eta inkomunikazioa altxa zigutelako. Fisikoki ahul eta nekatuta nengoen.
Kartzelara heldu eta hurrengo egunerarte ez ninduten medikutik pasa. Goizeko 2ak aldera heldu nintzen Soto del Realera. Froga baino galdeketa izan zen medikuarena. Handik 7 egunera (ingresoetatik) Ávilara ekarri ninduten eta aste horretan Brievan Hepatitis eta beste zerbaiten aurkako txertoa jarri zidaten eta odol analisiak ere bai.
Loa berreskuratzea zail xamar egin zitzaidan hasieran eta noizbehinka komisaldegiko irudiak gertuegi edo present egoten dira. Bestela, ez dakit beste zerbaitetan eragin oten didan.

Orri Erraz Inprimagarria    Bidalita: 2008 04 - 08:39 PM


 

Torturaren Aurkako Taldea
Tel. 0034 943 333674 Fax. 0034 943 336479. Kale Nagusia 50 - 1ª. 20120 Hernani.
Tel. 0034 944 155653. Bailen kalea 15 - 1ª Eskuina. 48005 Bilbo.